Familia konposatua


Kaixo lagunak, familia tradizional batean jaio eta hezi ez den neska gazte batek idazten dizue gaurkoan. Niretzat, beste familia mota bat gehiago izan arren, gizartea eta hezkuntza formala, hau normaltzat ez hartzeko ahaleginak egin izan dituzte. Nire esperientziaren inguruan hitz egin aurretik, aipatu nahi dut, aldez aurretik inorrekin ez dudala gai honen inguruan hitz egin, horregatik ez zait batere erraza egin ondorengo hitz hauek idaztea. 

Nire familia ezberdintzat egiten duen faktore bakarra, nire aitak, nire amarekin egon aurretik, beste emakume batekin, alaba bat eduki izana da. Hau da, beste erlazio formal batean nire aitak alaba bat izan zuen, baina erlazio hori amaitu egin zen. Gaur egun, nire amarekin bizi da eta honekin beste bi alaba izan ditu. Orduan, aitak hiru alaba ditu baina nire amak berriz bi. Aitak izandako alaba hau, herrian bizi ez denez, hasiera batean ez nuen ulertzen zergatik joaten ginen igandero beste herri batera arratsalde pasa, bidai hauek txiki-txikitatik egindakoak izan baitira. Azpimarratu nahi dut, hiru ahizpetatik txikiena ni naizela eta gaiaren inguruan etxean hitz egin ez denez, guztion (hiru ahizpen eta aitaren) arteko elkazioaren jatorria edo oinarria non zegoen jakitea asko kostatu zitzaidan. Adina aurrera joan ahala eta igandetako bidaiak behin eta berriz egin eta gero, konturatzen zara, beste herri horretan bizi den neska gazte hura, zure ahizpa dela, zurekin etxean bizi den beste ahizpa bezalakoxea. 

Nabarmendu nahiko nuke, nire gurasoen aldetik inoiz ez dudala elkarrizketarik izan gai honen inguruan eta seguruenik eskertu izango nuela txikia nintzean hizketaldi bat izatea. Bueno, gurasoak izan beharrean, aitak azaldu izana, azken finean bere alaba baita eta ez nire amarena. Askotan igandeetan nora joaten nintzen lagunak galdetzean, ez nekien galdera horri nola erantzun, eta azken finean, honekin, gaia tabua bihurtzera bultzatu zen. Izan ere, ikastolan familia tradizionala bakarrik lantzen zen eta etxean inorrek ez zuen hitz egiten honi buruz, ondorioz, nik ahizpa bakarra nuela pentsatzera bultzatu zidaten. Baina, aurretik aipatu bezala, eskerrak adina aurrera doan heinean gauza gehiagotaz konturatzen zaren eta pertsona bakoitzari dagokion izena jartzen diozun, gainera, nire ahizpari “ahizpa” izena jartzean, nire lagun taldeari ahizpa bakarra izatetik bi ahizpa nituela esatera aldatu nuen eta honen atzetik galdera zaparrada jaso nuen. Gaur egun, anai/arreben inguruan hitz egiten dugunean kuadrilan, kostatu egiten zaie ahizpa nagusiaren inguruko galderak egitea, pentsatzen baitute molestatu egingo baitidala, horrela izan ez arren. Baina, azken finean ulertu egiten dut beraien jarrera, urte askotan gai tabu bat izan delako nire hitzetan.

Hezkuntza formalari dagokionez, jakinda familia eredu ezberdin asko daudela, haur edota nerabe bakoitzari, bere familia eredua plazaratzeko aukera ematea aukera egokiena ikusten dut. Honekin, frustrazioak ekiditu eta bakoitzak barnean dituen sentimenduak helarazteko aukera emango duelako, eta ez nire kasuan bezala gaia tabua bihurtzeko. Gainera honi esker, errespetuan eta aniztasunean hezteko aukera izango dute, orain arteko belaunaldiek izan ez dutena.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi ditet nirekin kontaktuan jarri diren hezitzaile taldeari, horrelako gaiak mahai gainean jartzeko beharra dagoelako. Bestalde, irakurleari ere, horrelako egoera batean baldin bazaude, gomendio bezala ingurukoekin gaiaren inguruan hitz egitera bultzatzen zaitut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario