
Nire kasuan eta seguruenik gehiengoarenean ere, familia eredu bakarra erakutsi digute txikitatik, familia estadarra (kristaua nire kasuan) deritzotena, baina, etxe bakoitzeko bakoitzaren sukaldera sartzen bagara seguru nago gauzak aldatzen direla. Egia da familia gutxi ikusi ditudala amaren figura gabe, ematen du familiaren erdigunean kokatzen dela ama. Baina nire ustez bakoitzak bizi beharra izan duen errealitateak pisu handiagoa du, azken batean ezin dugu esan bata bestea baino egokiagoa dela gizarteak familia estandarra eredutzat hartzen duelako.
Nahiz eta argi eduki nire familia beste bat gehiago dela, txikitan errealitate hau beste modu batean bizitzen da. 11-12 urterekin lotsatu egiten nintzen nire egoerarena, errealitate honen inguruan ez baitzen inon hitz egiten, orduan, lagunekin zein eskolan gaiaren inguruan ez hitz egitea eta nire egoera ezkutatzea erabaki nuen. Urte askotan zehar, psikologoarengana joateko beharra izan dut gai honen inguruan hitz egiteko baina gaur egun lagunekin egiten dut, konfiantzazko pertsonekin, orain dela gutxi arte ni ere oso itxita egon naiz gai honi buruz hitz egiteko. Zorionez urteak aurrera joan ahala, guzti hau aldatu egin da.
Eskola aipatu dudanez, irakasle zein hezitzaileek familia aniztasuna lantzearen garrantzia azpimarratuko nuke. Aurretik esan dudan bezala, estadarra bakarrik lantzen zen nire hezkuntza prozesuaren garaian eta beste errealitateak tabuak bihurtzea lortzen dute horrelako ekintzek. Horregatik, bertan lantzen diren edukiak eguneratuak egotea onuragarria izango zela uste dut eta are gehiago haurrei zein nerabeei hitza ematea. Horrela, hauek barruan dituzten sentimenduak zein zalantzak plazaratzeko baliogarria izango da eta ez nik izan ditudan sentimendu ezkorrak barnean gordetzeko beharra.
Ondorengo esaldi honekin amaitzea gustatuko litzaidake: maitasuna mantentzen den bitartean apurtzen den guztia konpontzeko aukera daukagu beti.
No hay comentarios:
Publicar un comentario